XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) eta bera ere arakatu zuten (titi inguruak beti izaten dira erakargarri polizia gizonentzat).

Trenak basamortuko herrixka batean geldirik jarraitzen du.

Berrogeita zortzi ordu daramatzagu bagoi berean, hogei orduko bidaia zena, erauntsiarekin...

Oraindik ere abiatuko ez delakoan, herrira hurbildu gara.

Hau ere erabat gizonezkoen mundua da.

Ez dugu emakume bakar bat ere ikusi kalean, ez eta neskatorik jolasean ere.

Gizonak dira okinak, gizonak jostunak, garbitzaileak, eta saltzaileak.

Harriduraz eta jakinminez begiratzen digute Ttiki eta bioi, inola ere ez maleziaz, baina hainbeste begirada sentitzea astuna da.

Noraezean ibili gara, jateko zerbait erosi eta trenera itzultzea erabaki dugun arte; baina ez dirudi oraingoz trenak abiatzeko asmorik duenik.

Trenean gurekin datozen gainontzeko atzerritarrak ere herriko kaleetan galduta dabiltza.

- Where is missing man?-galdetu du Philipek.

- Ez zekiat Philip, azken aldian ur lurruna bezala desagertzen duk.

- Ez al din esan fruta erosi behar zuela?

- Bai, baina dagoeneko zuhaitzetik biltzen ibiliko duk.

Ordu erdi bada galdu dugula.

- Japi baino Unhappy ezizena ihobeto zetorkion.

- Arrazoi duk, azken aldi honetan zeharo muturtuta zabilek.

Bidaia hasi aurretik ezagutu izan bahu...

Beti txantxetan ibiltzen zuan, inguruko guztiei adarra joz.

Gezurra zirudin.

Nik uste nian nirekin hitz egingo zuela, gizonezkoen artean, badakin...

- Eta?

- Ezta hitz erdirik ere.

Tira, bere bidaia eta abenturak kontatu zizkidan, baina gertatzen zaionaren inguruan, mutu.

- Ez gaitun egun osoan bere zain egongo.

Azalduko duk. Goazemak trenerantz, ea behingoan abiatzen den.